XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Aitaren etxea Aresti bera eta bere familia da, baina ez bakarrik hori, horratik!

Gorago aipatu dugun erabateko konkretutasun batean errenditu nahian dihardu orain ere Azurmendik, eta ez da konturatzen horrela poesia itobidean jartzen ari dela.

Ez baitago jeneralizazio edo abstrakzio mailarako saltoa ukatzerik.

Hain jeneralizazio hutsera errenditutako poesia ito egiten da.

Inoiz ere ez luke lortuko Nire aitaren etxeak lortu eta oraindik ere har dezakeen konotazio sinbolikorik.

Hori da bata. Bestea da, gorago jada aipatua utzi dudana: Azurmendik esaten duenarekin ados egonda ere, ez zait iruditzen nahikoa esaten duenik; konplexuagoa baita, zentzu tradizionala ez ezik, esentzialista ere baden ikuspegi hori ezin baita bereizi ikuspegi historikotik, alegia, etorkizunaren ispiluak islan dakarkion geroko gizarte eta aberriarekin.

Bi ikuspegiak nahasita daude Arestirengan: iruditeria arkeologiko zahar guztia darabil etorkizunaz hitz egiteko.

Tradizioa eta Historia batera.

Eta nola liteke hori? Lehenengoak iruditeria jarriko baitu eta besteak marxismoa eta ideologia.

Blas de Oterok harria zulatu eta haren bihotzetik Espainia berri bat aurkitu nahi luke.

Segur aski, Gerra Zibilarekin gainbehera etorri zen Espainiaren hondamendian aztarka dabil Espainia berriaren aldarria ahotan duela; izan ere, Espainia berri horren haziak edo sustraiak artean gainbehera etorritakoaren errautsetan baitzeuden.

Arestik ere, Aitaren etxeaz mintzo zaigunean, Gerra Zibilarekin muskildu ezin izan zen arbolaren irudia ekar liezaguke gogora; baina, aldi berean, etorkizunaz ere mintzo zaigu.

Eta defentsa sutsu horretan, iragana etorkizunarekin nahastuko zaio, eta zentzu historikoa esentzialismo tradizionalistarekin.